XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horregatik gogorarazi behar izan da behin eta berriro, usteak uste, Euskaltzaindiak erabaki duena bakarrik dela arau bete beharrekoa (Akademiaren gidaritza onartzen badugu behintzat).

Hortik aurrera, zokoraturik geratzen ari zaizkigun zenbait forma, batua deitzen dugun horretan nagusitu diren beste zenbait bezain zilegi direla uste dutenetakoa naiz, Euskaltzaindiak besterik ez dioen bitartean bederen.

Horregatik, euskara batua Euskaltzaindiaren batasunerako erabakien multzo bezala ikusten dudalako, eta Euskaltzaindiak hizkuntzaren sexismoaz edo hobeto esan, hizkuntzaren erabilera sexistez inoiz hitzerdi esan ez duelako (eta nekez esan dezake, aurrerago esango dudanez), aukeratu dut aukeratu dudan izenburua artikulu honetarako.

Orain hamarren bat urte hasi ziren inguruko hizkuntzetan hizkuntza-erabilera sexistak ekiditeko gomendioak ematen.

Hor daude UNESCO erakundeak ingeleserako eta frantseserako emanikoak, Guidelines on non-sexist Language eta Pour une langage non sexiste hurrenez hurren; edo 1989ko Instituto de la Mujer delakoaren Propuestas para evitar el sexismo en el lenguaje izenekoak.

Baina zeri esaten zaio erabilera sexista?

Azken batean, emakumea diskriminatu, gutxietsi, edo ikustezin bihurtzen duenari.

Emakume eta gizonezkoek osaturiko taldea izendatzeko maskulino plurala erabiltzen denean, esaterako, emakumea izkutuan uzten da, ikustezin bihurtzen da.

Horrexegatik gerta daiteke los hombres sintagma gizon eta emakumeak izendatzeko erabili eta zenbait lerro edo zenbait orrialde aurrerago, gizonezkoak bakarrik dituela erreferente ohartzea.

Beste batzuetan, izen beraren maskulinoa eta femeninoa konparatuz, nabarmenak dira bien arteko aldeak: secretario / secretaria, gobernante / gobernanta, hombre público / mujer pública, interino / interina etab. lekuko.

Egia da gizarte-egoera jakin baten islada baino ez direla adibideok.

Egia da halaber, beti irakatsi izan zaigula gramatiketan maskulinoa dela forma markatugabea; bi generoak adieraz ditzakeena, beraz.